SANTA ZEZILIA OSPAKIZUNA
Azaroaren 22an, Santa Zezilia, musikarien eguna da eta Bergarako Musika Eskolako ikasle, irakasle eta gurasook, Euskal Herriko Musika Eskola guztiekin batera, Azaroaren 24an, osteguna, Santa Zezilia ospatuko dugu.
Ohitura den bezala, arratsaldeko 17:30ean Gazte bandak eskolako ikasle guztiekin batera (musika tailerra, hizkuntza musikala, abesbatzak…), musika eskolatik plazaraino kalejira egingo du; bidean, Mizpirualde egoitzara joango gara, eta kanpoan bertako egoiliarrentzat pare bat pieza joko ditugu (egoiliarrak terrazara irtengo dira).
Ordu berean, musika eskolako trikitilariak erdigunean kalejira egingo dute eta denak batera plazan elkartuko gara.
Behin plazan, Musika tailerra, dantza, abesbatza eta hizkuntza musikaleko ikasleek, Gazte Bandak lagunduta, abesti batzuk kantatuko dituzte. Aipatzekoa da, Euskaraldia dela eta, Ahobizi eta belarriprest gurekin izango ditugula kalejiran eta plazan bertan ere, eta denok elkarrekin “euskal Herrian euskaraz” jo eta abestuko dugula.
Ondoren, txokolatea banatuko da.
Musikarekin zerikusia dugun guztiontzat egun berezia denez, parte hartu dezazuen gomendatzen dizuegu. Anima zaitezte!!