1813ko Donostiako sutearen gaineko Bretxa musikala urtarrilaren 13an estreinatuko da Donostiako Victoria Eugenia antzokian. Guztira 3 emanaldi eskainiko dira: 13an, 14an eta 15ean. Eta martxoaren 4an Bergarara helduko da. Toti Martinez de Lezearen nobelan dago oinarrituta.
Musika Eskolari aitortza:
Bergarako Antzerki Musikala (BAM) elkarteaz gain, Bergarako Musika Eskolaren, Donostiako Union Artesana elkartearen, Donostiako Tempo 22 dantza akademiaren eta Donostia 31 Rekreazionista Elkartearen parte hartzea izango du ikuskizunak, besteak beste. Bretxa-rako Donostiako eragileen laguntza izango dute, baina Vegak nabarmendu nahi izan du Bergarako Musika Eskolaren garrantzia Bergarak musikalekin duen aspaldiko lotura berezia ulertu ahal izateko: “Askotan ez zaie merezi duten aipamenik egiten eta aukera hau baliatu nahi dut Bergarako Musika Eskolak egiten duen lan itzela aitortzeko”.
150 bat lagun taula gainean
Datuek argi uzten dute formatu handiko musikala dela: 30 musikari batzen dituen orkestra zuzenean, helduen eta umeen Bergarako musika eskolako abesbatzak, aktoreak, dantzari taldea, abeslariak, bideo proiekzioak, hiru dimentsioko infografia, efektu bisualak eta argiztapen diseinu ikusgarria. Izan ere, Bergarako eta Gipuzkoako gainerako herrietatik batutako hainbat talde eta kultura elkartek hartu dute parte, eta, guztira, 150 lagun inguru izango dira taula gainean. Herritar anonimoez gain, izen propio asko ditu Bretxa-k. Toti Martinez de Lezea, Oihan Vega eta Valen Moñux daude oinarrian, baina ezinbestekoa da beste izen batzuk aipatzea ikuskizunaren tamaina ulertzeko: orkestrazioa Mikel Markiegiren ardura izan da; Txemi Etxebarria da orkestra-zuzendaria; abeslarien eta abesbatzen zuzendari lanetan Marije Ugalde aritu da; koreografien eta dantzen zuzendaria Carol Gomez da; eta zuzendari laguntzaile lanetan Ander Arruti aritu da. Horrez gain, Donostiako historian trebatuak diren Jose Maria Leclerq eta Jose Javier Pi Chevrot ere badira lantaldeko parte.
Bretxa musikalerako sarrera guztiak agortu ziren Donostiako Victoria Eugenia antzokirako, eta, horregatik, laugarren emanaldi bat antolatu dute; Bergarako udal pilotalekuan izango da, martxoaren 4an (20:00). 800 bat lagunendako lekua dago frontoian eta sarrerak badaude oraindik; seminarixoa.eus webgunean eros daitezke, 20 edo 25 eurotan.