Bergarako Musika eta Dantza Eskolak ekimenez betetako egitaraua prestatu dugu beste behin ere: ikastaroak, musika emanaldiak, elkartrukeak, musika kalean… eta bihartik (martxoak 29) apirilaren 30era arte iraungo du ekimenak.
Duela hamahiru urte jarri genuen martxan Bergarako Musika Eskolak Apirilean Musika izeneko egitasmoa, Udalaren laguntzaz, “herritarrei ezohikoak diren ekintzak eta emanaldiak eskaintzeko helburuarekin”.
Egitarauaren izena Apirilean Musika bada ere, bihar bertan, martxoak 19, hasiko dira ekintzak. Nobedade batekin irekiko dute, gainera ziklo hau. Izan ere, lehenengoz Gazte Bandako kideak dantzan jarriko dituzte, Amaia Bernalen gidaritzapean.
Etzi berriz, eguena, 19:00etatik aurrera Musika Eskolako Big Bandaren emanaldia izango da Egon tabernaren kanpoaldean. Iaz ere egin zuten, eta orduko arrakasta ikusita, errepikatzea erabaki dute.
Egubakoitzean, aldiz, ordu berean, kantu kontzertua izango da Mariaren Lagundiako elizan. 21 ikaslek hartuko dute parte: errepertorioa musika estilo desberdinetako abestiez osatuta egongo da: pop, musikalak, barrokoa, opera… gero eta jende gazte gehiago dabilela kantu ikasle, eta haien gustuak ere txertatu nahi izan ditugu.
Zapatuan, berriz, goizetik Irene Hernandok abesbatzendako antzerki eta koreografia tailerra emango du Musika Eskolan. “Abesteko beharrezkoa ikusten dugu espresioa, antzerkia eta dantza lantzea”.
Egun berean, 11:00etan Suzuki taldeko neska-mutikoek kontzertua emango dute Zabalotegi aretoan. Hauen ostean, berriz, Irungo eta Bergarako biolontxelo ikasleen txanda etorriko da.
Asteburuarekin bukatzeko, domekan, Irene Hernandorekin beste saio bat izango da goizean, eta arratsaldez, 18:30ean hasita, Ahotsen soinua kalean! ekimena, Musika Eskolako Abesbatzaren eta Orfeoi Gaztearen eskutik. Seminarioko karpan egingo dugu honakoa, eguraldi txarra iragarrita dagoela-eta.
Nobedadeak eta nabarmentzekoak
Aipatutakoez gain, beste hainbat emanaldi izango dira apirilean. Hilaren 4an, esaterako, hasiberrien abesbatzak Lip-Dub bat egingo du Musika eskolan, nobedade modura.
Egun berean, 19:00etan, punta-puntako biolontxelo kontzertua izango da Aroztegi aretoan. Lehenengoz erabiliko dugu areto hau Apirilean musika! ekimeneko agertoki modura. Bada, bertan izango dira Juan Ignacio Emme, Maialen Egiazabal eta Ana Egiazabal. Lehena, Emme, Euskadiko Orkestrako biolontxelo bakarlaria da: “luxu handi bat” izango dela hura zuzenean entzun eta ikusi ahal izatea. Ana Egiazabal Musika Eskolako irakaslea da, eta Maialen Egiazabalek berriz, haren ahizpak, Musikeneko azken urtean dihardu.
Egitarauak dakarren beste nobedade bat apirilaren 6an izango den Arratsalde bat operan! ekintza da. BBCk produzitutako Carmen opera proiektatuko dute Zabalotegi aretoan, doan. Atsedenaldian luntxa ere izango dela aurreratu dute.
Bestalde, apirilaren 7an, musika tailerreko umeek ipuin musikatuen kontaketa bat egingo dute, gitarra ikasleez lagunduta. 18:00etan izango da, eta Txit oilo txikia eta katuak istorioa kontatuko dute.
Egitaraua
- Martxoak 29, eguaztena
19:30 Gazte Banda Dantzan! Amaia Bernalek gidatuta, koreografiak. Musika eskolan.
- Martxoak 30, eguena
19:00 Martxa kalera!, Bergarako Musika Eskolako Big-Bandarekin. Egon tabernan.
- Martxoak 31, egubakoitza
19:00 Kantu ikasleen emanaldia. Mariaren Lagundiko elizan.
- Apirilak 1, larunbata
09:30 Irene Hernandorekin, antzerki eta koreografia tailerra abesbatzentzat. Musika Eskolako Dantza aretoan.
11:00 Suzuki ikasleen kontzertua. Zabalotegi aretoan.
12:00 Irungo eta Bergarako Biolontxelo ikasleen kontzertua. Zabalotegi aretoan.
- Apirilak 2, domeka
09:30 Irene Hernandorekin, antzerki eta koreografia tailerra abesbatzentzat. Dantza aretoan.
18:30 Ahotsen soinua kalean! Musika Eskolako Abesbatzak eta Orfeoi Gazteak. Seminarioko karpan.
- Apirilak 3, astelehena
17:00-17:30 Musika tresna arrarorik? 5-9 urteko haurrentzat. Musika eskolan.
17:30-18:00 Musika tresna arrarorik? 5-9 urteko haurrentzat. Musika eskolan.
18:30 Trikitia eta perkusio ikasleen kontzertua. Musika eskolan.
18:30 Ikasle helduen kontzertua. Zabalotegi aretoan.
18:30 Biolin taldeak. Ospitaleko elizan.
19:00 BMEko Orkestrako haize taldea. Aroztegi aretoan.
- Apirilak 4, martitzena
14:00-14:30 Musika tresna arrarorik? 5-9 urteko haurrentzat. Musika eskolan.
17:00-17:30 Musika tresna arrarorik? 5-9 urteko haurrentzat. Musika eskolan.
18:15 Hasiberrien abesbatzarekin lip-duba. Musika eskolan.
18:30 Pelikuletako musika. Gitarra eta piano ikasleekin. Zabalotegi aretoan.
19:00 Biolontxeloa: Profesionaltasuna konpartituz. Juan Ignacio Emme, Maialen Egiazabal eta Ana Egiazabal. Aroztegi aretoan.
- Apirilak 5, eguaztena
18:30 Piano ikasleen kontzertua. Zabalotegi aretoan.
18:30 Tronpa eta klarinete ikasleen kontzertua. Musika eskolan.
18:30 Biolin, biola eta soka taldearen emanaldia. Ospitaleko elizan.
19:00 Txistu aldea. Aroztegi aretoan.
- Apirilak 6, eguena
18:30 Musika kalera!. Bergarako kaleetan.
19:00 Goazen denok dantzara! Dantza taldeak, trikitia eta txistua. Bergarako kaleetan.
19:30 Arratsalde bat operan! Carmen operaren proiekzioa. Zabalotegi aretoan.
- Apirilak 7, egubakoitza
18:00 Txit oilo txikia eta katuak. Musika tailerra eta gitarra ikasleak. Zabalotegi aretoan.
18:00 Flauta ikasleen entzunaldia. Musika eskolan.
- Apirilak 8, Zapatua
11:00 Trikitilari, txistulari eta dantzariak: kalejira eta emanaldiak. Herriko kaleetan.
11:30 Organoa ezagutu ezazu! Organo ikasleak eta Joxean Pascual irakaslea. Santa Marina Elizan.
- Apirilaren 19tik 23ra
Trikitilariak, akordeoilariak, txalapartariak, dantzariak eta albokariak Rianxora joango dira (A Coruña, Galizia) eta emanaldi ezberdinak eskainiko dituzte bertan.
- Apirilak 26, eguaztena
19:30 Gazte Banda Dantzan! Amaia Bernalek gidatuta, koreografiak. Musika Eskolan.