Monzon-Ganuza saria: Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk bizitza osoan euskararen, euskal kulturaren, Euskal Herriaren alde egindako lanagatik jaso dute saria


Olaso Dorrea Fundazioak eta Bergarako Udalak antolatutako Monzon-Ganuza Euskal utopikoei saria banatu zen atzo, martxoak 10, bigarren urtez, Bergarako Seminarixoan egindako ekitaldian.

Bergarako Musika Eskolako Alazne Suinaga, Miren Elorza eta Beñat Askargorta biolin joleek, Uxue Garitano biolontxelo joleak, eta Eneko Galdos dantzariak ere parte hartu zuten ekitaldian.

2021eko martxoaren 9an Telesforo Monzon hil zenaren 40. urteurrenaren testuinguruan sortu zuten Bergarako Udalak eta Olaso Dorrea Fundazioak Olasotar Telesforo Monzonen eta bere bizitza osoan bidaide izan zuen Josefa Ganuzaren izena daraman saria. Eta Euskal Herriari, euskal kulturari eta bere hizkuntzari, euskarari, bizi osoko lana eskaini dioten herritarrak omentzea du helburu.

Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk saria “oso eskertuta eta emozio handiarekin” jaso zuten. Euskal utopiko guztiei esker herri honetan egindakok lana eta hortik jasotako emaitzak nabarmendu zituen Elkorok bere hitzartzean. Ayastuyk, urtetan egin duten lanaz, “herriarentzat egin dugun lana ez dugu eginbeharretik egin, maitasunetik baizik”, esan zuen.

Senitartekoak eta lagun ugari izan zituzten alboan Jose Luis Elkorok eta Mari Karmen Ayastuyk. Baita instituzioetako, sindikatuetako, hezkuntzako, kulturako, kiroleko, euskalgintzako eta beste arloetako ordezkariak ere. Euskal Herriko txoko desberdinetatik etorritakoak.

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude