Zuekin, edonora!


Urrun zegoela ematen zuen, baina bertan dago. Bi egun pasa eta 1.600 ikus-entzule izango ditugu gure espektakuluarekin disfrutatzeko prest. Zenbat buruhauste, zenbat lan, zenbat zalantza, zenbat negar, zenbat barre… Bada, oraingoz, merezi izan du!

Ilusioa izan da nabarmen lehen minututik. Betiko jendea prest lan egiteko. Talde teknikoa, hain zuzen, zelako ekipoa! Esti, Amaia, Arantza, Lierni, beti umoretsu! Eta oraingo honetan, lagun berriak gehituta: Amaia, Martha, Mito, Marian… uf perfekzionista hutsak! Beti hobeto egin nahian.

Nola ez, gure alma mater-ak, Valenek, proiektu bat hasten duenean, guztiok beldurrez… Zerekin etorriko da? Baina guztiok bere atzetik, bere kapazitate eta talentuan sinisten dugulako. Oraingoan, berriz, harrapatu egin gaitu bere sormenarekin. Baina kuidau! Sormen prozesuan, momentu txarrenean, Oihan Vega agertu zen, salbatzaile! A zer-nolako tandem ona osatu duten. Bion artean gidoia borobildu eta sekulakoa lortu dute!

Gure haurrak, berriz, zenbat lan, zenbat entsegu, baina zelako ilusioa! Gaurko haurrak ez dira, ez, orain urtebetekoak. Hazi egin dira, baina ez fisikoki bakarrik, hori ere bai. Ez, artistikoki handitu egin dira. Gogoaren eta ilusioaren ondorioak. Irrikan daude guztioi erakusteko euren kapazitatea. Nabarmentzekoa Alaine eta Ainhoa protagonisten lana! Oso paper konplexuak eta zailak, aurrera eraman dituzte, ilusioarekin, gauzak ondo egiteko gogoarekin, eta ordu asko sartu ostean. Txalo handi bat eurentzat!

Zuzendari ezberdinak, arlo ezberdinetan… Dantzan, adibidez, Yune izan dugu buru-belarri koreografiak sortzen eta haurrekin lantzen. A ze zortea gurea, berriz ere! Talentua eta lana elkartzen direnean…

Gainera, Eneko gure dantza irakaslearen laguntza izan du, eta musikalean biok dantzatzen duten momentu hunkigarriak ikusteko aukera izan dugu eta izango duzue.

Lasku, berriz… zer esan daiteke Laskuri buruz… Beti umoretsu, langile fina, kolaboratzailea. Berak moldatu du orkestrarako musika. Berak zuzenduko ditu datorren asteburuan orkestra eta abeslariak. Beste altxor bat!

Abesbatzaren zuzendaritzan dudan bazkideari buruz zer esan! Nagore, nekaezina, zorrotza, baina, aldi berean, leuna. Ondo funtzionatzen duen ekipoa osatzen dugu.

Taula gainean, helduen pertsonaietan, Gorka, Idoia, Argiñe, Nere, Rafa, Tomas, karlos, Raul, Aitzol, Alazne, Aitor, Fran… esperientzia handiko abeslari eta aktoreak. Proiektu berri bakoitzean ikasten eta hobetzen. Harro sentitzeko moduko ikasle eta ikasle ohiak!

Luxuzko orkestra beti izan dugu gure musikaletan, eta oraingoan ez da gutxiago izango. Betiko irakasleez gain, bertan izango ditugu baita ikasleak ere. Batzuk aurreko musikalean haurren abesbatzako kideak zirenak.. eskolako ikasle ohiak gaur maisu-maistra bihurtuta, primerako lana egiten. Txalotzekoa euren lana.

Baina horrelako proiektu batean gehien pozten nauena da aurrekoetan parte hartu zuten haurrak oraingoan lan ezberdinetan ikustea. Adibidez, errejidore lanetan Amaia eta Miriam, talde teknikoan Amaia, bere artea gure zerbitzura jarriz, edota makillatzen Eider, Yuliana, Joane, Miren, Irene, Martin… hori da espiritua!

Joane, Nerea, Maria, lanetik irten eta makillatu eta orrazten arituko zarete, zuen trebezia gure zerbitzura jarriz. Berriz esan beharra daukat. A ze zortea gurea!

Eta bukaerarako laga ditut, baina gure haurren gurasoek egiten diharduten lana ez da makala.

Batzuk tramoiari lanetan, beste batzuk garraioan, seguritate taldean, haurrak zaintzen, eta denak eskulanak egiten…

Horregatik, gure Alizia musikala lantalde handi baten emaitza delako, eskerrak eman nahi dizkizuet. Nire izenean, eta Bergarako Musika Eskolaren izenean.

Bada asko gustatzen zitzaidan film baten esaten zen esaera bat –erdaraz, barkatu: ¡Hasta el infinito y más allá!

———-

Marije Ugalde Lamariano

Bergara

 

Leave a comment

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude